XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ASTE SANTUKO ITZULERAREN AZKEN EGUNEAN EMAKUME BAT HIL ZEN, ARABAN IZANDAKO ISTRIPU BATEAN

Elurrak arazoak sortu ditu errepideetan

Elurrak arazo ugari sortu zituen atzo Euskal Herri osoan, batez ere goiz partean. Hala ere, egunak aurrera egin ahala, egoera normaltzen joan zen errepide gehienetan. Istripu larriena Araban gertatu zen, A-68 autobidean, auto bat errepidetik irten eta ondorioz emakume bat hil zen.

GOIZEKO 07:00etan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko errepide sare nagusia irekita zegoen arren, elurra eta jela zegoen leku askotan. Bizkaian Barazar, Dima, Elgeta eta Urkiola itxita zeuden automobil guztietarako.

estalde, kateak behar ziren Montecalbo, Ubal, La Escrita, Trabakua eta Kanpazarren.

Gipuzkoan Bidania itxita zegoen, eta, autoentzat izan ezik, hainbat mendate itxita zeuden gainerako ibilgailu guztientzat: Elgeta, Elosua, Kanpazar eta Otzaurte.

Bestalde, kateak behar ziren Arraten, Lizarrustin eta Etxegaraten. Etxegaraten eta Irurtzun-Andoain autobian arazo ugari izan ziren goiz osoan, errepide horietan auto ugari ibili baitziren, eta auto ilara luzeak izan ziren hainbat unetan.

Etxegaraten, esaterako, kamioi batek eta auto batek istripua izan zuten 12:00ak aldera, eta kamioia gurutzatuta geratu zen.

Horrek ilara luzeak sortu zituen, eta denbora asko behar izan zen egoera normaltzeko. Araban goizean goiz itxita zen Altube mendatea, eta kateak behar ziren Opakuan, Herreran eta Barrerillan.

Egoera txarrak 088 larrialdietarako telefonoa kolapsatu zuen hainbat unetan.

Egunak aurrera egin ahala egoera normaldu egin zen hiru probintzietan, eta arratsalderako Dima eta Urduña mendateak bakarrik zeuden itxita auto guztientzat.

Gipuzkoan Etxegaraten arazoren bat edo beste sortzen bazen ere, egoera normalduta zegoen ia erabat. Araban, Kurtzetako mendatea zegoen itxita, eta kateak behar ziren Opakuan.

Nafarroan ere egoerak hobera arratsaldean. Nafarroako errepide sareari dagokionez, hainbat mendate hirugarren mailako ibilgailuentzat itxita egon ziren atzo goizean: goizeko 10:30etan, adibidez, sare nagusiko Otsondo eta Ibañetako mendateak itxita zeuden kamioientzat, eta autoek kateak behar zituzten.

Irurtzun-Andoain autobia, halaber, goizeko 09:15etatik 10:00ak arte itxita egon zen kamioientzat N-240 errepidetik joan behar izan zuten N-1 errepiderantz, elurra bidetik kentzen zuten bitartean.

Gauza bera gertatu zen Belateko mendatean.

Bigarren mailako sarean, berriz, Izaba Iparraldearekin lotzen duen errepidea itxita zegoen ordu berean, 18. kilometrotik aurrera, eta 12.etik aurrera kateak behar ziren. Halaber, Urbasa, Ezkurra, San Migel, Laza, Egozkue, Urkiaga eta Izpegiko mendateetan autoek besterik ez zuten ibiltzerik, eta horiek kateekin.

Jende asko elurraren bila joan zen ondo pasatzera; irudian dauden Urkiolako umeak, adibidez.

Egunak aurrera egin ahala, ordea, egoerak hobera egin zuen.

Eguerdirako Ibañetako mendatea zabaldu zuten, eta arratsalderako Nafarroako sare nagusiko errepide guztiak zabalik zeuden.

Bigarren mailako sarean, bakarrik Laza eta Urkiagan, eta Izaba Iparraldearekin lotzen duen errepidean behar ziren kateak. Kamioientzat itxita zeuden. Arratsaldeko 16:30etarako Urkiaga ibilgailu guztientzat zabaldu zuten eta ez zen katerik behar.

Igande gauean eta atzo goizean botatako elurrak, Aste Santuko itzulera zaildu zuen Nafarroan.

Ez gehiegi, ordea, arratsalderako, hau da, oporrak kanpoan eman zituztenak etxera itzultzen hasi zirenerako, hobera egin baitzuen eguraldiak.

Aste Santuko itzulera zaintzeko, Foruzaingoko 140 kide inguru aritu ziren lanean atzo, eta beste hainbeste guardia zibil.

N-1 errepidea Irurtzunen, N-111 eta N-240 errepideak eta Iruñeko sarrerak zaindu zituzten bereziki.

Errepide horietan eta Leitzarango autobian, hain zuzen, kotxe asko ibili zen atzo. Hala ere, Foruzaingoak arratsaldeko 19:00 EGUNKARIARI adierazi zionez, ordura arte ez zen inolako arazorik izan Aste Santuko itzuleran.

Egoera normala zen errepideetan, eta eguneko istripu bakarra ez zen larria izan: Irurtzun-Andoain autobian auto bat bidetik atera zen eta gidaria arin zauritu zen.

Ipar Euskal Herrian ere arratsaldearekin hobetuz joan zen eguraldia.

Hala ere, elurra izan zen barnealdean. Aldudeko bailaran beheraino jaitsi zen elurra, baita Zuberoan ere, arratsalde hasieran elurra gogotik bota baitzuen Maulen.

Ondorioz, Larrañeko portua autoentzako itxi zuten.

Gainontzeko errepideetan arreta handiz ibiltzeko gomendioa egin zuen Jandarmeriak.

Goizaldean istripu ugari izan ziren autobidean bereziki, Baionatik Pauerako bidean.

Gixunen, kazkabarra edo mahazuzaren ondorioz zazpi pertsona zauritu ziren, auto ugari bildu ziren istripuan.

Gertaerak ilara luzeak eragin zituen Baionatik Pauerako norabidean.

Pertsona bat hil zen Araban. Arabako Erribera Beitian istripu larria jazo zen atzo eguerdian, eta, ondorioz, Portugaleteko 65 urteko emakume bat hil zen.

Ertzaintzak eman zuen informazioaren arabera, A-68 autobidean Bilborako bidean zihoan autoa errepidetik irten eta, ezbeharraren ondorioz, 65 urteko M.V.R. emakumea hil zen.

Auto gidaria, 63 urteko E.R.L. gizonezkoa, larri zaurituta eraman zuten ospitalera.

Urkiolako mendatea itxita izan zen goiz partean auto guztientzat, eta arazo handiak sortu ziren. Beheko irudian Irurtzun-Andoain autobidea ageri da: elurrak eragozpen ugari sortu zuen, eta kamioentzat itxita izan zen hainbat unetan.